Joseba Mikel Ugalde

Joseba Mikel Ugalde

Bermeo, 1956

Ofizioz administraria eta afizioz bitxiegilea izandakoa bada ere, pasioz, debozioz eta obsesioz, bermiotarra eta idazlea da. Gaztetatik herriko esaerak, esalmoldeak eta pasadizoak batzen hasi zen, eta urteetan bildutakoa, ‘Ai gure Bermio’ izenburupean sarean eskegi zuenean, bere literatur zaletasunari ekin zion.

Bere gogoetak, aforismoak, paradoxak, kontakizunak, ipuin laburrak, hitz jolasak, ateraldiak eta abar kateatzeko, Urertze maisuaren figura asmatu, eta collagekera moduan, Urertzeren uberan weblogean, trilogia bat plazaratu eta sareratu zuen, ‘Hirurehun eta hamar segundo haiek’ (2012), ‘Urertzeko mamarrua’ (2013) eta ‘Muakiss’ (2014) liburuak.

Urte batzuk ondoren, bere bi bilobei eskeinitako bilogia bat idatzi zuen. Batan, ‘Mesedez itxi atea’ (2021) liburuan, Enararen adin-nagusitasuna amesten du, harekin heldutasunez hitz egiteko. Bestean, ‘Naizen artean’ (2022), oraindik jaiotzeke dagoen Eneko bilobari hitz egiten dio. Batan eta bestean, idazlea, bere bizitzako pasarteetaz, eskarmentuetaz, eta irakurritako liburuetaz ari da hausnarrean, bilobei kontatzea helburu duelarik.

Idazle poliedrikoa, asimetrikoa, sintetikoa, eklektikoa, hitz batez atipikoa. Haren hitzetan, bere lana, ez da ohiko generoetan sailkatzeko modukoa, berea, gen-eroa delako.