Patxi Lopez De Tejada
Donostia, 1970
Ekonomia, zuzenbide eta filosofiaren arloetan ikasketak egin zituen hainbat unibertsitatetan, zuzenbidean lizentzia eskuratu zuelarik Euskal Herriko Unibertsitatean 1994an.
2003-2005 urteetan Tere Irastortza olerkariak Bergarako Mintegian antolatu zuen Idazle Eskolan ibili zen.
Jarduera profesionala abokatu gisa enpresako aholkularitza arloan garatu du, eta prozedura frankoren defentsan parte hartu du.
Prolifikoa eta poligrafoa, 2005an “Materiaren egitura” eta “Guía de helioterapia” olerki bildumak atera zituenetik, saiakera eta olerki liburu ugari eman ditu argitara euskaraz zein gazteleraz, forma laburrak eta aforistikoak jorratuz nagusiki.
Haren lanaren ardatzak ondoko hauek dira: kultura klasikoarekiko berebiziko interesa, heleniarrarekiko bereziki, joera eszeptiko tinko bat siniskeria izpiritualen aurrean, eta giza kondizioaren izaera iragankorra, hauskorra eta hutsalaren inguruko kezka sakon bat.
Jaioterriarekiko ardura eta euskalzaletasuna beste kultura eta beste garaiko gizarteei zuzendutako begirada kosmopolita batekin uztartzea ere haren pentsaeraren ezaugarriak dira, baita Borgesen eragina eta postmodernitatearen diskurtsoarekiko agertu duen errefusa ere.