Patxi Saez Beloki
Beasain, 1964
Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio eta Gizarte Zientzietan lizentziaduna da, eta unibertsitate aditua hizkuntza plangintzan. Gaztetatik ari da euskalgintzan, 16 urterekin hasi zen Beasaingo Gau Eskolan euskara irakasten, eta 20 urterekin Azpeitiako Udal Euskaltegian irakasle lanpostua lortu zuen lehiaketa-oposaketa bidez. Azpeitiako Udal Euskaltegiko zuzendaria ere izan zen 1997tik 1999ra. Azpeitiako Udalak Euskara Patronatua sortu zuen 1999an Azpeitiako hizkuntza planifikazioa bideratzeko, eta sorreratik erakundearen arduradun teknikoa da.
Euskararekin estuki lotutako bere ibilbide profesionalean hainbat ekimen berritzaile jarri ditu abian. Horien artean, Booktegin Elefantea ikusi artikulua. Artikulua bi helbururekin argitaratu zuen: alde batetik, euskararen berreskurapena ziklo amaiera batera iritsi zela ikusaraztea, eta, beste alde batetik, ziklo berrian euskara lan munduan txertatzeko estrategiari heldu behar zitzaiola. Artikuluak eztabaida handia sortu zuen euskalgintzan aritzen diren aditu eta ekintzaileen artean.
Hizkuntzakeria artikulua ere aurki daiteke Booktegin. Artikulu horren bidez, ideologia bat begi-bistan jarri nahi du, Espainiako botere guneetan dagoena eta euskara kaltetzen duena.