MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
Hendaia, 1994
Gizarte Antropologiako gradua ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean.
BERRIA egunkarian egiten du lan 2014tik: hainbat urtez aritu da kazetari gisa, hala Baionako delegazioan nola Andoaingo egoitza nagusian; zutabegile ere bai, Larrepetit sailean; eta gaur egun dokumentazio arloan ari da.
Topatu.eus gazteen komunikazio proiektuan ere egin zuen lan hainbat urtez: bertzeak bertze Arrakala eta Zizelkariak dokumentalen sorkuntzan parte hartu zuen. Bertze komunikabide batzuetan ere egin ditu kolaborazioak, hala nola Pikara Magazine aldizkari feministan eta Ttipi-ttapa aldizkarian.
Bertsolari gisa, Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapelketan parte hartu izan du (finalista 2021ean), baita hainbat sariketatan ere, eta plazaz plaza dabil. Lesakan bizi da.
Bi nobela ditu kaleratuak: Ene baitan bizi da (2020, Elkar), amatxi-biloben arteko harremanaz eta neskametzaz diharduena; eta Ez erran inori (2022, Elkar), haurtzaroan jasandako sexu abusu batek emakume bati uzten dion aztarnari buruzkoa. Lehendabizikoa Gazteluma bekari esker idatzi zuen, eta bigarrena Igartza bekarekin.