Amaia Iriondo Aristondo

Amaia Iriondo Aristondo

Bilbo, 1961

Euskalzaletasuna guraso mutrikuarrengandik jaso zuen alaba bilbotarrak ikasketak Derioko Irakasle Eskolan burutu zituen.

Irakaskuntzan jardun du, eta dihardu egun ere. Ikasleekin aritzeaz gainera, ikasturte asko daramatza euskal literatura erakusten eta zabaltzen eskola zein institutuetako irakasleen artean. Bestalde, ikas-materialen testu egilea dugu, Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea-rekin batera. Talde-lan horren emaitza dira: Euskara eta literatura batxilergoa ulermenaren bidean-1 (Ibaizabal, 2011), Euskara eta literatura batxilergoa ulermenaren bidean-2(Ibaizabal, 2011), Testuak 1, alegiak, ikaslearen materiala (Ibaizabal, 2012), Testuak 1, alegiak, gida(Ibaizabal, 2012) eta Testuak DBH 1. Narrazio testua. Alegiak (Ibaizabal, 2013).

Irakurle sutsua, berandu hasi zen fikzioa idazten, eta beranduago kontakizun eta narrazio laburrak ipuin-lehiaketetara eta bestelako sariketetara aurkezten. Eta sariak jasotzen: Santurtziko Udalak antolatutako “Emakumeen kontakizunak” kontakizun laburren XV (2014) eta XVI (2015) lehiaketak irabazi ditu, eta baita Urnietako Udalarena, Bizkaidatz Saria eta Asun Casasola deiturikoa ere.

Liburu bat argitaratu du: Gezurrari gorazarre (Booktegi, 2020), non zazpi narrazio hautatu bildu dituen.