Edorta Jimenez
Mundaka, Bizkaia, 1953
Edorta Jiménez Ormaetxea euskal idazlea da. Omar Nabarro ezizenez ezaguna da baita ere eta 1985etik dirau ia urtero libururen bat argitaratzen. Bizkaiko idazle oparoenetarikoa da; izan ere, nobela eta poesia lantzeaz gain, artikulugintzan ibilitakoa delako ere bai.
Irakasle ikasketak egin zituen arren, jardun anitza da berea: idazketa, itzulpena, irakasletza, kazetaritza, telebistako zein zinemako gidoilaritza besteak beste. Gainera, zenbait literatura ekimenen sustatzailea da, Ahotsenea esaterako.
Literaturari begira, ia genero guztiak landu ditu eta, jorratzen dituen gaiei dagokienez, baliteke euskal kostaldea guztien artean garrantzitsuena izatea. Hizkuntza aldetik ere garrantzitsua da Jimenezen obra: euskalkiek aberastutako euskara batuaren aldeko apustua baita berea. Kronika tankerako eta kutsu historikoko eleberriak eta narrazioak dira idazlearen bereizagarri, hauetan gertakari politiko zein sozialen aurrean duen iritzia agertzeko duen modu lotsagabea gaineratzen zaio, bestalde, bere obrari.
Ezaugarri horiek guztiek eraman zuten 1997ean Baleen berbaro obrarengatik Azkue literatura saria irabaztera. Badira, hala ere, meritu eta onarpen literario handiko beste zenbait obra: Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuan (2003), Atoiuntzia (1990), Kilkerren hotsak (2003) edota Azken fusila (1993).