Anuntxi Arana
Luiaondo (Aiara), 1947
Anuntxi Arana Luiaondon (Aiara) sortua 1947an, Angelun (Lapurdi) bizi da aspaldi honetan, Belgikan urte zenbait egin ondoan.
Euskal mitologiaz egin du doktorego tesia 1996an, euskaraz: Orozko haraneko kondaira mitikoak, UEUk argitaratua.
Bestalde, Iparraldeko sinesmenak eta kondairak ikertu ditu, hala nola Bidarraiko harpeko saindua liburuan (1985) eta Cerquand-en Iparraldeko Legenda eta Ipuinak lanaren edizioan (1985-1986).
Gatuzain argitaletxeak Mito hurbilak argitaratu du 2000. urtean eta Mitoen bilakatzea 2004ean. Elkar-en argitaratu dira Euskal mitologiaz, jentilak eta kristauak (2008), geroago frantsesera itzulia, eta Hilak gure artean, 2015an.
Euskararen aldeko militantea eta feminista, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kidea izan da, bai eta Bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministakoa ere.
Argizaiola saria jaso zuen Durangon 2014an.