Jose Mari Zendoia Sainz
Donostia, 1963
Irakaslea, matematika arloan, eta ikertzailea, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia Aplikatua I sailean, Gipuzkoako atalean. Ekonomian doktorea, bere doktorego-tesiaren izenburua honakoa izan zen: “Hizkuntza gutxituak eta ekonomia: euskararen kasua” (2000). Jakintza arlo hori izan da bere ikerketa-lanaren lerroetako bat, hala nola, Matematikaren irakaskuntza eta Lan-merkatua. Urtebeteko egonaldia egin zuen Glasgowko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research ikerketa gunean.
Gaztetan, kazetari lana egin zuen La Voz de Euskadi egunkariaren euskarazko gehigarrian. Olerkari gisa, Hatsa elkarteak urtero argitaratzen duen bilduman parte hartu izan du, eta Booktegin Itsasoaren hotsak liburuxka argitaratu du.
Hainbat irakurraldi egin ditu, eta zenbait bildumatan bere testuak argitaratuak izan dira (Mambo Poa 2, 25 Bidai Kontakizun), baita ingelesera itzulita ere (From Glasgow to Saturn, issue 20). Bere poema eta argazkiak Amuitz orriaren bidez zabaltzen ditu.