Unai Iturriaga

Unai Iturriaga

Durango, 1974

Euskal bertsolari, idazle eta abeslaria da, eta Arte Ederretan lizentziaduna. 13 urterekin hasi zen bertso-eskolan, eskola arteko hainbat txapelketa irabazi zituen, Bizkaian zein Euskal Herrian. 1993an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera iritsi zen, baita ordutik aurrera parte hartu zuen ediziotan ere (1997tik 2013ra). Azken urte hori izan zen Txapelketa Nagusian parte hartu zuen azken urtea. Gainera, 1994an eta 1996an Bizkaiko Txapelketa ere irabazi zuen.

Musikaren arloan, Igor Elortzarekin eta Josu Zabala Ajuriagerrarekin batera 7 Eskale eta Gu ta gutarrak taldeak osatu ditu.

Komikigintzako marrazkilari gisa ere aritzen da Xabiroi aldizkarian, Gaur8 astekarian, Jakin aldizkarian eta H28 aldizkarian. Lanbide honetan, ordea, ez du bere benetako izenez sinatzen Zugaz/art goitizenarekin baizik.

Literaturari dagokionez, antzerkia, nobela eta komiki-gidoiak jorratu ditu. Gidoilari izan zen Olentzero eta subilaren lapurreta, Munduaren bira doan eta Eutsi! filmetan, baita ETBko Martin telesailean eta Betizu programan ere.

2017an Donostia Antzerki Saria irabazi zuen Francoren bilobari gutuna antzezlaren gidoiagatik.

Bi eleberri idatzi ditu: Isladak (1997) eta Berandu da gelditzeko (1999). Azkenik, Alex Sanvire marrazkilariarekin elkarlanean, Udaberririk ankerrena (2011) eta Haur besoetako (2014) komikiak argitaratu ditu.