Garbine Ubeda
Tolosa, 1967
Euskal filologian izena eman berritan hasi zen komunikabideetan lanean, eta horretan kolaboratzen dihardu geroztik, filologia utzita. Lehen urteetan idazketa eta lan grafikoa uztartu zituen, batez ere Argia aldizkarian, Euskaldunon Egunkaria-n eta hainbat argitaletxetan. Grafikagintzan, besteak beste, aldizkari, disko eta liburuen azalak, kartelak eta aldizkari eta egunkarien diseinua landu zituen. Idazketan, berriz, kazetaritza artikuluak.
Geroztik, idazketari heldu dio batik bat. Iritzi artikuluak, zutabeak, kronika fikzionatuak eta narrazio laburrak sortu izan ditu, betiere, kazetaritza eta literaturaren arteko hibridazioa bilatuz. Kolaborazioak ere egiten ditu Euskadi Irratian, Euskal Telebistan, Berria egunkarian eta Euskaltzaindian.
Ilustrazio mundua, halere, ez du bazter utzi. Maiztasun txikiago batez, komiki zintak eta haurrentzako irudi bidezko jolasak sortzen ditu Aiurri aldizkarian eta Tokikom sarea osatzen duten hainbat mediotan.
Lehen literatur lana kronika nobelatu bat izan zen: Negu Gorriak: Ideia Zabaldu Tour, (Susa, 1995). Atzetik, Mila ezker (Susa, 2009) heldu zen, albotasunari eta ezker izateari buruzko saiakera, narrazio laburrez osatua. Hobe isilik (Elkar, 2013) eleberriak Augustin Zubikarai saria jaso zuen. Azken hiru urteetan gazteentzako literaturari heldu dio. Lekukoasaila osatuz, hiru nobela argitaratu ditu Elkar argitaletxean: Sasieskola (2018), Mehatxua (2019) eta Esanezinak (2020).