Beñat Sarasola
Donostia, 1984
Euskal Herriko Unibertsitatean filosofian lizentziatu ondoren, Bartzelonako Unibertsitatean Literatur Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatu, eta unibertsitate berean doktoratu zen 2014an. Bere tesiak Doktoradutza Sari Berezia eskuratu zuen, eta egun, irakasle da EHUn. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumako editorea ere bada, eta lau urtez ETBko Sautrelan lan egin zuen gidoilari eta zuzendari gisa. Hainbat komunikabidetan (Berria, Argia) kolaboratu izan du urteotan.
Bi poema liburu argitaratu ditu, Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009), eta 2013an literatur ikerketarako Santiago Onaindia beka eskuratu zuen. Beka horren emaitza izan zen 2015ean argitaratutako Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott, eta Oh! Euzkadi liburua. Berriki, bere estreinako nobela argitaratu du, Deklaratzekorik ez (Susa, 2019).
Itzulpengintzaren arloan, Philip Roth-en Nemesis nobela ekarri zuen euskarara 2011n Meettok argitaletxearen eskutik.
Hainbat literatur jaialditan parte hartu du, hala nola, Eako Poesia egunak, Bilboko Gutun Zuria, Eslobeniako Pranger eta Bartzelonako Literaldia jaialdietan.