Oihana Arana
Eskoriatza, 2001
Egun Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte antropologiako ikaslea da, baina era berean bertsolaria eta estilo desberdinetako idazlea ere bada 20 urte besterik ez dituen Arana. Bestalde Berria hedabidean kolaboratzaile gisa egiten du lan.
Nerabetan ipuingintza eta olerkigintza mundua ezagutu eta bere lehen liburua 2020. urtean argitaratu zuen, Portuak izeneko eleberria, eta handik urtebetera Lazunak azkazaletan poesia bilduma argitaratu zuen. Zentzu horretan, euskal gazte desberdinen arteko liburu kolektibo batean ere parte hartu du, Izotzetan islatuak (2020) liburuarekin.
Idaztearekin nahikoa ez, eta bertsolari eta gai-jartzailea ere bada oso gaztetatik. 2017 eta 2018an Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako txapelduna izan zen, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara sailkatuz. 2019. urtean Urruzunotarrak gehituz lehiaketako saridunetako bat izan zen, eta era berean, Oñatiko Antixena Gaztetxean jokatutako bertsolari gazteen Dizdaitte sariketaren lehen edizioko txapelduna ere izan zen.
Azkenik, 2022an eRRe bertso emanaldia oholtzaratu zuen beste hiru bertsolari gazterekin batera (Aner Euzkitze, Haizea Arana eta Leire Vargas). Emanaldi horretan bertsolaritza zuten ardatz, baina antzerkigintza, narratiba eta dantzara ere gerturatu ziren, aldarri, kritika eta umoretik.