Oek de Jong

Oek de Jong

Breda (Herbehereak), 1952

Dokkumen eta Goesen hazi, eta Amsterdamera joan zen ondoren Artearen Historia ikastera Amsterdamgo Unibertsitatera.

1975ean hasi zen idazten, eta 1976an jaso zuen Reina Prinsen Geerling saria aurreko urtean idatzitako zenbait ipuinengatik. 1977. urtean, berriz, Massimoren zeruratzea ipuin-bilduma idatzi zuen (Begi nagia ipuina tartean). 1979an egin zen ezagun Udako gona haizatuak nobelarekin, ikasteari utzi, eta, geroztik, idazle aritu da lanbidez.

Herbehereetako egungo idazlerik ezagunenetarikoa da, eta, lan zabala idatzi badu ere, honako bost nobelek jaso dute kritika on zein saririk handienak (besteak beste, Herbehereetako Libris Literatura saria eta Belgikako Urrezko Hontza saria): Udako gona haizatuak, Zirkulua belarretan, Hokwerdaren umea, Pier eta ozeanoa eta Aletegi beltza.

Atzerriko hamar bat hizkuntzatara itzuli dituzte bere literatura-lanak.

Halaber, hainbat saiakera zorrotz idatzi ditu, esate baterako, literaturak gaur duen garrantziaz diharduen Nobelak baino konta ezin lezakeena. Indar estilistiko zein sakontasun psikologiko handiko idazletzat jo dute Oek de Jong.