Nerea Loiola
Deba, 1985
Ingeniaritza Mekanikoan graduatua eta Bigarren Hezkuntzako matematikako irakasle izandakoa. 2022ko irailetik, idazketa du ogibide.
2018an argitaratu zuen bere lehen liburua haur literaturan, Harri bat poltsikoan. Haur eta Gazte literaturan Eskapu bilduma da bere lanik ezagunena, aukeratu zure abentura eta ihes-liburu egitura konbinatzen dituzten abentura elebeberriz osatutakoa. 2021ean argitaratu zuen helduen literaturako bere lehen lana, Epizentroa narrazio bilduma. Liburu hau, urteko libururik onena bezala hautatu zuten Berria egunkariko irakurleek, eta 2022ko Euskadi Sarietako hautagaien artean egon zen. Laster argitaratuko du helduentzako bigarren narrazio bilduma bat: Zebrak eta bideak (2024). Lan hau 2023ko Raul Guerra Garrido beka berriaren irabazlea izan zen.
Literatura liburuez gain, iritzi artikuluen zutabegintzan –Urola Kostako Hitza eta Berria– eta komiki interaktiboen munduan ere ibili da. Gaur egun, haur, gazte eta helduen irakurle taldeen dinamizatzailea ere bada.