Miren Gorrotxategi

Miren Gorrotxategi

Azpeitia, 1981

Miren Gorrotxategi Azkune euskal idazle eta irakaslea da. Itzulpengintza ikasketez gain, Turismoa ere ikasi zuen. Atzerrian hainbat egonaldi egin ditu, eta Parisko Sorbona unibertsitatean ere aritu izan da irakasle lanetan. Gainera, Urola Kostako Hitzan kolaboratzaile izan zen zenbait urtetan.

15-16 urterekin irabazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gazteentzat antolatzen duen Urruzuno literatur saria.

2016ko urriaren 5ean 33 ezkil eleberria argitaratu zuen, 2015ean lan horrekin Augustin Zubikarai Saria lortu eta gero. Gainera, eleberri horretan oinarrituriko Hil Kanpaiak filma estreinatu zen 2020ko azaroan. Imanol Rayok zuzendu zuen filma; thriller beltza da, eta Donostiako 68. Zinemaldian aurkeztu zen. Miren Gorrotxategiren eleberriaren egokitzapen librea da.

2021eko urtarrilean, bigarren eleberria plazaratu zuen: Sotoan gordeak. Lan hau (H)ilbeltza bekaren ondorioz etorri da, 2020ko irabazle izan baitzen. Beka hori Baztango Udalak ematen du, (H)ilbeltza elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz. Bekaren 2021eko deialdian, aldiz, Miren Gorrotxategi epaimahaikidea izan zen, Garazi Arrula (Txalaparta) eta Joseba Otondo (Baztango Udala) kideekin batera. 2020an adierazi zuenez, ez du berriro lehiaketa batera aurkezteko asmorik, sortzen jarraitu duen arren.