M. A. Mintegi Larraza
Ataun, 1949
Txikitatik Beasainen bizi izan den euskal idazlea da. Haurtzaroan ia guztiz euskara galdu zuen, baina soldadutzatik itzultzean bere kabuz berreskuratu zuen. Hizkuntza eta literaturarenganako zaletasuna aspalditik datorkio. Gainera, Goierriko gau-eskolan irakasle moduan aritu zen. Gaur egun, proiektugile gisa egiten du lan.
Mintegi Larrazak helduentzako eleberriak ez ezik, haur eta gazte literatura landu ditu. Helduentzako narratiban nabarmenak Udazkena. Urtearen lehena eta azkena (1992, Kutxa), Esker mila, Marlowe (1996, Erein) eta Denak du bere prezioa (2002, Ibaizabal) dira. Haur eta gazte literaturan, besteak beste, Coca Cola Erdi Aroan (1999, Ibaizabal), Bi abentura eta amodio bat (2021, Alai), Kulero salatzaileak (2010, Aizkorri)… argitaratu ditu.
Orokorrean, bere lanek maitasuna eta harreman pertsonalak (Udazkena) zein krimena eta intriga (Esker mila, Marlowe) jorratzen dituzte. Gazte literaturan, berriz, abentura, umorea eta fantasia uztartzen ditu, gertuko erreferentzia kulturalekin.
Lehen arrakasta literarioa 1987an lortu zuen, Donostia Hiria Ipuin Lehiaketa-n lehenengo saria irabazita. Lortutako hurrengo saria 1991n izan zen, Irun Hiria literatur Sarietan eleberri arloan. Horri esker, bere lehenengo eleberria argitaratu zen: Udazkena. Urtearen lehena eta azkena (1992, Kutxa).


