Asel Luzarraga
Bilbo, 1971
Enpresa Zientzietan diplomaduna (EHU) eta Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea) da. Hainbat urtez irakasle jardun ondoren, egun itzultzailea da. Temukon (Txile) eta Buenos Airesen (Argentina) bizi izan da zenbait urtez, bertan kolektibo batzuetan parte hartuz, hala nola Antena Negra TV telebista komunitarioan. Letras al Margen literatura undergroundari buruzko programa ekoitzi zuen kanal horrentzat. Gaur egun Bermeon bizi da.
Literaturan nabarmendu arren, musikan ere aritu da, Punkamine (Euskal Herria) eta Trio Ternura (Argentina) punk taldeetan, eta GorriBaltz bakarkako proiektuan.
Bederatzi eleberri utzi ditu orain arte euskaraz. Karonte (2005) nobelari esker Igartza Saria irabazi zuen 2003an. Horrez gain, Hamaika ispilu ganbil (2003), Mozorroaren xarma (2007), Abaraska (2008), Utopiaren itzalak (2010), Gezurra odoletan (2011), Bioklik (2018) eta Bahiketa (2020) argitaratu ditu helduen literaturaren barruan, eta Inoren munduan(2019) gazte literaturan. Bere nobeletan genero, estilo literario eta gai ugari landu ditu, hala nola kutsu beltzeko istorioak, erotismoa, fantasia, zientzia fikzioa eta umorea, gizarte garaikideari buruzko ikuspegi kritikoa eta ironia nabarmenduz.
Ipuinak ere argitaratu ditu zenbait hedabidetan (Aizu!, Berria, Deia, Idatz &Mintz, AUXmagazine, Beterriko Liburua…), eta hausnarketa politikoari buruzko artikuluak idatzi ohi ditu bere webgunean.