Lou Reed

Lou Reed

New York, Estatu batuak, 1942

Lewis Allan Reed klase ertaineko auzo judu batean jaio zen. Gurasoak Long Islandera joan ziren bizitzera, eta Lewis ume arazotsutzat jo zuten bisexualitateagatik. 14 urterekin tratamendu psikiatrikoa jaso zuen eta elektroshock saioak ere egin zizkioten bere joera homosexuala “sendatzeko”. Estatubatuar rock musikari, konposatzaile eta argazkilaria zen.

Oso gaztetatik, Reed rock-and-rollaren eta rhythm and bluesaren zalea zen. Gainera, ikasle garaian hainbat bandatan jo zuen. 1960tik 1964ra bitartean, Sirakusako Unibertsitatean ikasi zuen eta ingeles filologian lizentziatu zen. Horrez gain, Delmore Schwartz poetaren ikasle eta laguna izan zen. Aipatzekoa da hark idaztera animatu zuela.

1964an, The Velvet Underground musika-taldea sortu zuen John Calerekin batera, baina utzi egin zuen 1969an. Handik 3 urtera, 1972an, Lou Reed izenburuko diskoa aurkeztu zuen bakarlari gisa. Urte berean, David Bowiek ekoitzitako Transformer diskoa kaleratu zuen, besteak beste, Walk on the Wild Side kanta ezaguna zuena. Gainera, sortzaile askorekin izan zuen harremana, besteak beste, Andy Warhol eta David Bowierekin. Itzal handiko musikaria izan zen, eta eragin handia izan zuen bere ondorengo belaunaldietan bere estiloaren originaltasunarengatik.