Jorge Luis Borges
Buenos Aires (Argentina), 1899
Idazle argentinarra izan zen eta genero desberdinak landu zituen bere bizian zehar: ipuinak, saiakerak eta olerkiak, batez ere. Latinoamerikako literatura idazle ospetsuenetarikoa da Julio Cortazarrekin batera.
Genevan egin zituen batxiler ikasketak. Garai hartan frantses prosalari errealistak eta olerkari espresionista eta sinbolistak irakurri zituen. Rimbaud, esate baterako. Hori gutxi balitz bezala, Schopenhauer, Nietzsche, Carlyle eta Chestertonen lanak ezagutzeko aukera ere izan zuen. Hiztegi baten laguntza besterik ez zuela, alemaniera ikasi zuen eta frantsesezko lehendabiziko bertsoak idazteko aukera izan zuen.
Idazlea izateaz gain, liburuzaina, irakaslea, hizlaria eta itzultzailea ere izan zen. Bere bi liburu ezagunenak Ficciones eta El Aleph dira. 1940ko hamarkadan argitaratu zituen eta fantasia egunerokotasuneko gaiekin lotzen dituzten ipuin bildumak dira.
Borgesek bere literaturan ideia filosofikoak lantzen dituzten argumentuak erabiltzen zituen. Oroitzapena, memoria, betierekotasuna eta literatura bera dira horietako batzuk. Kritikari askok baieztatu dutenez, XX. mendeko literatura Hispanoamerikako errealismo magikoaren hasiera, hein handi batean, Borgesen lanari zor zaio.
1980 urtean Miguel de Cervantes saria eman zioten, gazteleraz idatzi zituen lanek literatur-ondarea modu nabarmenean aberasten zuelako.