Jon Arretxe

Jon Arretxe

Basauri, 1963

Euskal Filologian doktorea da (Deustuko Unibertsitatean), eta Heziketa Fisikoko lizentziatura ere badu (EHU). Bestalde, pianoko (Bilboko kontserbatorioan), baita kantuko karrera ere baditu (Gasteiz eta Bilboko kontserbatorioa). Horrez gain, ingelesa eta frantsesa ere ikasi ditu Gasteizko Hizkuntza-Eskolan goi mailara arte. Jaiotzez Bizkaitarra den arren, 15 urtez bizi izan da Gasteizen, eta 2004tik aurrera Arbizun (Nafarroa) bizi da.

Ogibide anitza izan du Jonek: esaterako, hamar urtez ibili zen euskarako irakasle Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoan (Bilbo), eta beste hiru urte Heziketa Fisikoko irakasle ehuko Irakasle-Eskolan (Gasteiz). Halaber, opera kantatzen du noizean behin Bilboko eta Iruñeako Opera koruetan zein bakarlari gisa.

Egile polifazetiko honek aspalditik du idaztea lanbide: nobela beltzak, umorezko liburuak, bidaia-literatura, beldurrezko liburuak, gazte literatura eta dialektologia gaiak landu ditu bere ibilbidean zehar. 1991an hasi zen Hakuna Matata bidaia-kontakizunarekin; eta liburu zein egindako bidaien inguruan hitzaldiak ematen ohitua da ere.

Bere hainbat obra aipatzearren, nagusiki nobela beltza landu du (21 liburu), aipatzekoena Toure ikertzaile afrikarraren saga; ondoren, bidaia-literatura ere landu du asko (15 liburu); umorezko 5 liburu ditu, beste hainbeste gazteei bideratutako literaturan; honekin batera, beldurrezko 2 liburu; eta azkenik, Basauriko euskara dialektologia-ikerketa ere argitaratua du. Bere obra guztiak euskaraz idazten dituen arren, hamarnaka dira gaztelerara itzuliak daudenak (14), eta beste bat frantsesera ere; izan ere, azken urteetan bere liburuak euskaraz eta erdaraz argitaratzen dira aldi berean.