Kristobal Harizmendi

Kristobal Harizmendi

Sara, 1635

Haren bizitzari buruzko albiste gutxi iritsi zaigun arren, badirudi Saran jaio zela eta bertan eman zituela apaiz-urte gehienak, predikari zein bikario gisara. Ama Virginaren hirur officioac itzulpen-moldaketa (1660) utzi zuen argitaraturik. Antza denez, Jean Desmarets-ek frantsesezko bertsotara egokitutako L’Office de la Vierge (Paris, 1647) izan zuen erreferentzia nagusi berea ontzeko unean.

Halaz ere, argi da Vulgata izan zuela iturburu zuzena Salmoen itzulpenerako. Badu, bestalde, bigarren parte labur bat («bigarren liburua»), prosan idatzia eta, tematikoki, kontzientziaren azterketak, meditazioak eta hainbat gai premiatsuk osatzen dutena. Nolanahi ere, Harizmendiren sentsibilitatea eta musika- eta erritmo-sena aratzago agertzen da lehen atalean prosaz idatzitakoan baino.

Bertsoetako baliabideen artean, azkenik, azpimarragarria da lexikoan lapurtera gipuzkerarekin nahasteko duen jaidura eta aditzetan darabiltzan geroaldi arkaikoak eta sintetikoak.