
Aritz Galarraga
Hondarribia, 1980
Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB).
Euskara eta Euskal Kulturako lektore da UABn 2007tik, eta Bartzelonako Unibertsitatean (UB) 2014tik. Literatura Konparatua: Ikasketa Literarioak eta Kulturalak masterra egina du, UABn.
Doktorego tesia egiten ari da orain katalanera itzulitako euskal literaturaz, UABn eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean (UPPA).
Salvador Espriu eta Joan Vinyoli poeta katalanen poemak itzuli ditu euskarara, eta Gabriel Ferrater poeta katalanaren poema antologia bat publikatu du Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bilduman. Ipuin katalan garaikideen antologia den Hobe kontatzen ez badidazu (Pasazaite, 2014) liburuko aukeraketa eta hitzaurrea egin ditu.
Joxemari Iturralde (Kaleidoskopioa, Pamiela, 2012) eta Joxemiel Bidador (Klasiko bitxi, arront klasiko, Pamiela, 2016) idazleen prentsarako artikuluen edizio bana prestatu du.
Euskal prentsako ohiko kolaboratzailea da, Berria, Deia, Erlea, Euskadi Irratia, The Balde… Argia astekarian, adibidez, liburu iruzkin eta elkarrizketak agitaratu izan ditu batez ere. Horregatik, Estralanak liburuan bildutakoak dira aipatu agerkari horretan argitaratu dituen bestelako testu batzuk, ezohikoagoak.
[ARGAZKIA: Jordi Borrás-GAZTEZULO]