Fedor Mikhailovitx Dostoievski
Mosku, Errusia, 1821
1838an, aitak ingeniari militarretarako ikasketak egitera behartu zuen. Hala ere, gaztetatik piztu zitzaion literaturarako interesa. San Petersburgon Ingeniaritza Departamentuan lanean ibili zen, eta garai honetan hasi zen bere jokoarekiko adikzioa. Militar karrera utzi ostean, itzultzaile lanetan ibili zen, literatur mundura gerturatzen hasiz. Bere lehenengo eleberria, Jende Gizagaixoa, 1846an argitaratu zuen eta honen bitartez, Errusian ospe handia lortu zuen.
Errusian zarismoa zegoen garaian, Dostoievski sozialismo utopikoaren ideietara gerturatu zen eta 1849an atxilotu egin zuten, Siberiako Omsk gotorlekura preso eramanez. Bertako bizipenak izan zituen ondorengo hainbat obren oinarri, hala nola Lurpeko oharrak (1864).
1864a urte gogorra izan zen autorearentzat, emaztea eta anaia hiltzeaz gain, bere ludopatiak zorretan utzi baitzuen. Ondorengo urteetan idatzi zituen bere obra nagusiak: Krimena eta Zigorra (1866), Jokalaria (1867) edo Karamazov anaiak (1880), besteak beste.
Dostoievskik errealismo psikologikoa landu zuen, pertsonaien azterketa psikologiko sakona egin baitzuen. Bere lanetan gehien errepikatzen diren gaiak honakoak dira: gizon onaren barne borroka; erruaren onartzea eta pasioei uko egitea edo indibidualismoak dakartzan gatazkak.