Bernat Etxepare
Sarasketa, 1485
Noiz jaioa den ez badakigu ere, uste izatekoa da 1485. urtearen inguruan munduratu zela Nafarroa Behereko Sarasketa herrian. Apaiz bilakaturik (“mossen” hitzarekin definitzen du Etxeparek bere egoera berria), herrialde bereko Zaro eta Eiheralarreko erretore izendatua izan zen 1511ko ekainaren 12an. Antza denez, Biarnon atxiloturik egon zen bolada batean auzi politikoren batengatik.
Badirudi, nolanahi ere, ospe oneko gizontzat zutela bere garaikideek eta, hura zela eta, 1520aren inguruan Donibane Garaziko bikario nagusi bilakatu zutela. 1545ean Linguae Vasconum primitiae argitaratu zuen Bordeleko François Morpain inprimatzailearen etxean. Etxepare zendu zeneko data ezezagun mantentzen den arren, egiaztatua da 1559an bizirik zegoela oraindik.