Machado De Assis

Machado De Assis

Rio de Janeiro, 1839

Joaquim Maria Machado de Assis 1839an jaio zen, Rio de Janeiroko auzo txiro batean. Unibertsitate-ikasketarik gabeko gizona izaki, bere kontura hasi zen idazten: olerkiak eta kontakizun erromantikoak lehendabizi, saiakerak eta antzezlanak geroxeago.

1881ean idatzi zuen erabateko berrikuntza ekarri zuen lehendabiziko eleberria: Memórias póstumas de Brás Cubas.

Umore zorrotzez egindako azterketa psikologikoak dira nagusi Machado de Assisen lanetan, eta gogotik astintzen ditu garai hartako gizartearen eta burgesiaren jokabideak. Bikain kontatu zituen, era berean, XIX. mende amaieran Brasilen izandako aldaketak: inperio izatetik errepublika izatera igaro zenekoa. Izan ere, ederki ezagutzen zituen garai hartako inguruabar soziopolitikoak, estatuko administrazioko langilea zen aldetik.

Kritikari askoren esanetan, Machado de Assisekin hasi zen horren ezaguna den Brasilgo eta Hego Amerikako literatura-korrontea: errealismo magikoa.

Euskaraz ere topa daitezke Machado de Assisen zenbait lan. Horietan nabarmentzekoa, On Casmurro (Dom Casmurro), Josu Zabaletak Literatura Unibertsala bildumaren barruan itzulia. Booktegik, berriz, Várias histórias laneko «Diplomatikoa» («O diplomático») kontakizuna eskaintzen dizue.