G.K. Chesterton

G.K. Chesterton

London, 1874

Gizon polifazetikoa, kazetari, filosofo, teologo laiko eta literatur eta arte kritikari lanetan aritu zen. Lehen mailako ikasketak ikastetxe pribatu batean egin eta gero, marrazketa eta margoketa ikasi zituen, eta, titulurik lortu gabe unibertsitatetik igaro ondoren, lanean hasi zen kazetari eta idazle. Erlijioaren alorrean bilakaera bitxia ezagutu zuen, hasieran anglikano, gero, ikasle garaian, agnostiko, eta, azkenik, 1922an katoliko bihurtu baitzen.

Idazle gisa, eleberria, narrazioa, saiakera, biografia, poesia eta bidaia-liburua landu zituen, eta haren ahaleginen emaitza 80 liburu, ehunka poema, 200 bat ipuin, eta artikulu eta saiakera ugari dira. Haren lan esanguratsuenen artean hauek daude: The Napoleon of Notting Hill (1904), Ostegun izan zen gizona (1908), Ortodoxy (1906) eta The Everlasting Man (1925). Poema-liburuei dagokionez, berriz, besteak beste, hauek aipa ditzakegu The Ballad of the White Horse (1912) eta The Ballad of St. Barbara and Other Poems (1922). Booktegin The Innocence of Father Brown (1911) ipuin-bildumako “Oinkada misteriotsuak” ipuina dago irakurgai.

Ziurrenik, berak sortutako fikziozko pertsonaia ezagunena Aita Brown apaiz katoliko detektibea dugu. Arrakasta handia izan zuen, eta 1910- 1935 tartean haren inguruko 50 bat atal idatzi zituen. Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako hainbat aldizkaritan atalka argitaratu eta gero, bost liburukitan bildu zituen.