Leire Bilbao
Ondarroa, 1978
Gaztetxotan bertsotan aritu ondoren, 2006an eman zuen jauzia literatur mundura Ezkatak (Susa, 2006) bere lehen poema liburuarekin. 2011an argitaratu zuen bere hurrengo poema liburua, Scanner (Susa, 2011). Poema horietako batzuk antologia ezberdinetan jaso (Forked Tongues, El poder del cuerpo, Sangrantes, Escolma salvaxe, Traslúcidas, Las aguastranquilas, Sombras diversas… ) eta hamaika hizkuntzatara itzuliak izan dira.
Kantu ere bihurtu dituzte zenbait musikarik. Nijolè Miliauskaitè-ren obra eman du euskarara (Munduko poesia kaierak), baita beste zenbait poeta garaikideren poemak ere.
Haur eta gazte literaturari dagokionez, hogei lanetik gora argitaratu ditu. Horietariko zenbait sarituak. 2013an Etxepare saria jaso zuen Gerrak ez du izenik album ilustratuagatik. 2016an Lizardi saria Pikondoaren balada lanagatik, eta 2017 Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria Xomorropoemak eta beste piztia batzuk poema liburuarengatik.