Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga

Asteasu, 1951

Jose Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga izenez ezaguna, ekonomia ikasketak burutu zituen Bilbon eta bere bizitza profesionalean hainbat lan ezberdin izan ditu: ekonomialari, euskara irakasle, liburu-saltzaile, inprenta enplegatu eta irratiko gidoilari, besteak beste. Azkenik, 1980an, literatur sorkuntzan buru-belarri aritzea erabaki zuen.

1976an bere lehen eleberri laburra argitaratu zuen, Ziutateaz, eta 1978an, Etiopia, bere lehen lan poetikoa, ospe handia eman ziona. Hala ere, Obabakoak (1988) lanarekin lortu zuen arrakasta gehien eta 1989an lan honengatik eman zioten Espainiako Narratiba Sari Nazionala. Gainera, gehien itzuli den euskal obra da eta zinemara ere eraman zuten 2005ean. Berak idatziak dira Bi Anai (1985), Behi euskaldun baten memoriak (1991) edo Soinujolearen semea (2003) ere. Bere obretan nagusiki honako gaiak jorratzen dira: natura eta kulturaren kontrajartzea, antiheroiaren ikuspuntua eta Euskal Herriak mundu mailan duen lekua.

2007az geroztik euskaltzain osoa da Atxaga, eta 2010etik Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide. 2019an Espainiako Letren Sari Nazionala eman zioten, euskara eta gaztelania modernizatzen eta nazioartean proiektatzen egindako funtsezko ekarpenagatik.