Mario Benedetti

Mario Benedetti

Paso de los Toros (Uruguai), 1920

Idazle, poeta, kazetari, politikari, kultur kritikari eta antzerkigile bezala ezagutu izan da, besteak beste. Betidanik izan zuen literatur eta kultur zaletasuna, eta Marginalia, Marcha eta Número literatur aldizkarietako erredakzioko kide izan zen hainbat urtez.

Arrazoi ideologikoak zirela-eta, 1973ko Estatu Kolpearen ondorioz erbestera ihes egin behar izan zuen. Argentina, Peru eta Kubatik igaro, eta Espainian amaitu zuen azkenean. Espainian erbesteratuta egon zenean El Pais egunkarian egin zuen lan. 1985ean itzuli zen Uruguaira.

Literatur ibilbide oso oparoa izan zuen, haren obrak 80 liburu inguru biltzen ditu. Hainbat genero landu zituen, nahiz eta poesiagatik den ezagun batik-bat. Dena dela, Tregua (1960) eleberriak eman zion mundu mailako ospea. Poemas de otros (1974), La casa y el ladrillo (1977) eta Primavera en una esquina rota (1982) ere haren lan aipagarrienen artean daude. Gizakiaren desengainu existentziala eta politika eta gizarte gaiei heltzen die. Joan Manuel Serrat haren poema batzuk musikatu zituen El sur también existe diskoan.

Haren lanak akademian eta literatura unibertsalean aintzakotzat hartuak izan dira, eta hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli izan da. Hainbat sari jaso zituen bizitzan zehar, Amnistia Internazionalaren Llama de Oro Saria (1987), Poesia Iberoamerikarraren Reina Sofia Saria (1999) eta José Martí Fundazioaren Sari Iberoamerikarra (2001), esaterako.