Joseba Aurkenerena Barandiaran

Joseba Aurkenerena Barandiaran

Donostia, 1956

Aita donostiarra zuen eta ama, berriz, ataundarra. Gurasoengandik etorri zaizkio bizitzan izan dituen bi zaletasun handiak, aitaren aldetik, historiarekikoa eta, amaren aldetik, euskal mitologiarekikoa. Donostian historia ikasketak egin zituen, eta lanbidez irakasle aritu izan da, duela bi urte erretretan sartu zen arte.

Lezon bizi izan zen urte luzetan eta bertako kultura zinegotzia izan zen Mikel Arrizabalaga alkatearen lehen legealdian (1987-1991). 1996tik Lapurdiko Urruñan bizi da bere familiarekin. Donibane Lohizuneko Begiraleak Euskal Kultura elkarteko kidea da. Besteak beste, Karmel, Maiatz, Hatsaren Poesia, Eskuz eta Begiz, Elinberri.eus, Zu-zeu.eus eta Kazeta.eus agerkarietan idazten du. Baditu hainbat liburu plazaraturik. Gai nagusiak euskal historia, etnografia eta mitologiakoak izaten dira. Hona hemen horietako batzuk: Euskal sinesmen zaharrak, Harribeltzetako ipuinak, Iparraldeko kronikak, Sorgin mainguak dabiltz, Euskaldunon mundua hizpide, Axularren itzala, Gureak eta mundu zabalekoak, Iparmina, Iragana ere gaur da eta Euskal Herria beti!