Mikel Asurmendi Agirre

Mikel Asurmendi Agirre

Zumarraga, 1958

Euskal Herriko Unibertsitatetik kazetaritzan lizentziatua, literatura kritikaria eta idazlea da, Euskal Idazleen Elkarteko kide.

Kazetari lanetan jardun du beti, eta egun Argia astekarian ari da, non dagoeneko 1.300dik gora artikulu argitaratu dituen. Halaber, Berria egunkariko kolaboratzaile emankorra dugu, eta bertan argitara eman ditu kulturaren, bereziki literaturaren, inguruko idazlan ugari. Horretaz gain, E.I.E.k antolatutako eta 2002-2006 urteen artean Herri Irratiak zabalduriko Komatxo artean literatura saioen egilea da.

Idazle gisa hiru liburu ditu argitaratuta: Chaplin (Elkar, 1997) biografia, Komatxo artean-1. Mahai inguruak 2000-2006, eta Komatxo artean-2. Elkarrizketa literarioak 2002-2006, biak 2007.ean Utriusque Vasconiae-ren eskutik plazaratuak. Azken bi liburuok irratiko saioen edukien bildumak ditugu.

Bestalde, Begizolia bere blogean maiz idazten du.