Asier Altuna

Asier Altuna

Bergara, 1969

Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan eta Kubako zine eskolan ikasi zuen, eta Venezuelan hasi zen zineman eta publizitatean lehen lanak egiten, teknikari moduan. Euskal Telebistako Sorginen Laratza programan edota Martin telesailean ere gidoilari lanak egin zituen.

1997an idatzi eta zuzendu zuen lehenengo film laburra, Txotx, Telmo Esnalekin batera. Bien arteko lankidetzatik sortu ziren 40 ezetz (1999) film laburra eta Aupa Etxebeste (2005), Urte Berri On Amona! (2010) eta Agur Etxebeste! (2019) film luzeak. Aupa Etxebeste!-k Gazteriaren Saria eskuratu zuen Donostiako Zinemaldian, eta euskal zineman 13 urteko isiltasun luze bat apurtu zuen, 1992tik ez baitzen luzemetraiarik euskara hutsez burutu.

Topeka (2004), Sarean (2006), Artalde (2010) eta Soroa (2014) laburmetraiak bakarka burututakoak dira. Kritika sozialean, inkomunikazioan, belaunaldi arteko talkan, baserria – kalea dikotomian eta desagertzear dagoen landa eremuan aurkitzen du askotan bere lanen inspirazioa. Gai horien guztien amalgama da Amama (2015), ziur aski egilearen gaurdainoko obrarik estimatuena.

2011an Bertsolari dokumental luzea idatzi eta zuzendu zuen. Dokumental laburretan ere aritu da, Zela trovke (Belarra mozten, 2013) kasu.

Marian Fernandez ekoizlearekin batera, Txintxua Films ekoiztetxea sortu zuen 2008an. Bertan produzitzen ditu bere lanak, baita beste euskal egile ezagun batzuenak ere.