Mark Twain

Florida, 1835

Samuel Langhorne Clemens, Mark Twain ezizenaz ezagunagoa dena, 1835eko azaroaren 30ean jaio zen, Missouriko Florida herrixkan. Ameriketako idazlerik garrantzitsuenetarikoa izan zen ingelesez idatzitako literaturan, eta William Faulkner idazleak Estatu Batuetako lehenengo idazletzat ere jo zuen. Twainek batez ere eleberriak idatzi zituen, eta horietatik entzutetsuenak The Adventures of Tom Sawyer eta haren ondorengo The Adventures of Huckleberry Finn izan ziren. Lau urte baino ez zituela Twainen familia Missouriko estatuko Hannibal herrixkara lekualdatu zen, idazleak gero bere eleberrietako eszenatoki moduan erabiliko zuen herrixkara. Twainek hamabi urte zituela aita pneumoniaz hil egin zitzaion, eta ondorioz, ikasketak bertan behera utzi behar izan zituen, horrela familia ekonomikoki aurrera atera ahal izateko. Herriko inprenta batean hasi zen lanean, eta haren anai nagusi Orionen egunkarian zenbait artikulu idazten hasi zen. Hainbat herritan ibili zen inprimatzaile lanetan, harik eta Mississippiko ibaian nabigatzaile gidari egin zen arte. Meatzaritza lanetan ere ibili zen, eta amaieran, kazetaritzara bueltatu zen. 1910eko apirilaren 21ean hil zen, Connecticut estatuko Redding herrixkan. [Zaloa Alvarez Aurre]