Mario Benedetti

Paso de los Toros (Uruguai), 1920

Idazle, poemagile, kazetari,politikari eta antzerkigile bezala ezagutu izan da, besteak beste. Guraso italiarren semea izan zen baina Montevideon igaro zituen bere haurtzaroko eta gaztaroko urte gehienak. Hamalau urte zituela hasi zen lanean autoak konpontzen, Will L. Smith S.A enpresan. Hortik aurrera ate asko irekiko zaizkio lan mundura begira. Hala ere, betidanik izan du literatur eta kultur zaletasuna. 1944an Marginalia izeneko literatur aldizkaria zuzentzen hasi zen. Beranduago, 1945ean Marcha deituriko erredakzioan hasi zen lanean eta 1964ean antzerki kritikari bezala egin zuen lan. Lan munduan eta ekonomikoki oro har, arazorik izan ez bazuen ere, arrazoi ideologikoak zirela eta 1973ko Estatu Kolpearen ondorioz erbestera ihes egin behar izan zuen, Argentinara. Beranduago, Perura ihes egin zuen, baina orduan atxilotu, Kubara erbesteratu eta amnistiatu egin zuten. 1976.urtean Madrilera ihes egin behar izan zuen. Hamar urte luze pasatu zituen Espainiar Estatuan emaztea eta seme alabak Uruguaien utziz. Espainian erbesteratuta egon zenean El Pais egunkarian egin zuen lan eta beranduago oso lan ezagunak izango zirenak kaleratu zituen: Primavera con una esquina rota, Poema de otros edo La casa y el ladrillo, besteak beste. 1985. urtean Uruguaiera itzuli zen erbestaldia bukatuz. Benedettiren lana oso ezagun egin zen. Izan ere, hainbat kulturgilek erreferentetzat zuten. Adibidez, Serrat musikariak Benedettiren poemetan oinarrituta, El sur también existe diska kaleratu zuen. Hainbat sari jaso zituen bizitzan zehar eta bere lanak akademian eta literatura unibertsalean errekonozituak izan dira, gaur egun ere bai. Benedettik Uruguaira eta Espainiara joan etorriak egiten igaro zituen hainbat urte, laneko konpromisoak zirela eta. Halaber, emaztearen heriotza oso gogorra egin zitzaion eta Montevideon geratzea erabaki zuen. Azkenengo urteetan lan autobiografikoa idatzi zuen, No fue una vida fácil, francamente. 2009ko maiatzaren 17an hil zen, Montevideon. Gaur egun ere, hainbat kulturzalek eta kulturgilek Benedettirekiko eta bere lanekiko miresmena eta maitasuna adierazten dute. [Helene Sarasola]