Joaquín Gallegos Lara

Guayaquil (Ekuador), 1909

1909ko apirilaren 9an jaio eta fistula batengatik 1947ko azaroaren 16an hil zen eleberrigile eta saiakera-idazle ekuadortarra izan zen. Bere obretan errealismo literarioa lantzen zuen, XIX. mendearen bigarren erditik aurrera erromantizismoarekin apurtu zuen korronte estetikoa. 1934. urtean Nela Martínez Espinosa idazlearekin ezkondu zen, baina urte batzuk pasatu eta gero, dibortziatu egin ziren. Hala eta guztiz ere, berarekin idatzi zuen Los guandos obra, hil eta gero argitaratua izan zena, hain zuzen ere, 1983. urtean. Horretaz gain, Los que se van (1930) eta Las cruces sobre el agua (1946) lanak ere izan ziren azpimarragarriak bere idazle bizitzan. Hil eta gero agertu zen beste lan bat bere Biografía del pueblo indio saiakera izan zen, 1952an agertu zena, baina 1936etik amaituta zegoena. Idazle honek gauzak egiteko bide berriak bilatzen zituen, eta hau oso ezaugarri garrantzitsua izan zen bere bizitzan zehar. Izan ere, berak pentsatzeko modu hau izateak bultzatu zuen Guayaquil taldea sortzeko ekimena. Talde hau 1930. hamarkadan sortu zen, Joaquín Gallegos Lararekin batera Ekuadorreko Demetrio Aguilera Maltak eta Enrique Gil Gilbertek Los que se van ipuinen bilduma argitaratu zutenean. Guayaquil taldeak gizarte-literatura garatzen zuen, eta folklorea, mitologia eta historia bezalako gaiak lantzen zituen. Los que se van-en, hain zuzen ere, langileen lan baldintzak deskribatu zituzten hiru idazle horiek, nagusi zen pobrezia egoera ondo irudikaturik. Gainera, lan hori oso nabarmena izan zen, horren bidez eman baitzuen ezagutzera bere burua idazle honek. [Alba Santamaria]